XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

75. Zergadunaren estatutua

Legegileak beti ikusi du subjektu pasiboa, betebeharpeko gisa (hala nola, subjektu pasiboak zergak ordaindu, inprimakiak bete, aurretiazko ordainketak gauzatu, tributu egoeraren berri emateko betebeharra du).

Zergadunak, ordea, eskubideak ere baditu eta lege xedapenetan zehar barreiatuta egon dira, oraintsu arte.

Egoera trakets hori konpondu nahian, Zergadunen Berme eta Eskubideen 1/1998 Legea hots, zergadunaren estatutua onetsi berri da.

Modu horretara, subjektu pasiboak dituen eskubide eta berme guztiak bildu dira testu bakar batera, modu sistematikoan.

Arabaren kasuan, lehendik jaso zen zergadunaren estatutua, martxoaren 23ko 114/1993 Foru Dekretuaren bidez.

Estatutu horretan zergadunen eskubideen zerrenda ageri da.

Une honetan, eskubide horien zerrenda bertaratuko dugu, besterik gabe.

Arauketa horren garapena, ordea, gai egokian egingo da.

Hasteko, zerrenda horrek jaso ditu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako hainbat eskubide, baina finantza arlora egokituta, alegia, Tributu administrazioaren ezaugarriak kontuan izanik.

Horrrenbestez, Administrazioak argibideak eta laguntza eman behar dizkio zergadunari, azken horrek tributu betebeharrak bete ditzan.

Prozedura bateko alderdi izanik, zergadunak prozeduraren tramitazioa zein egoeratan dagoen jakiteko eskubidea du, baita prozedura horretan diharduten funtzionario eta agintarien identitatea jakitekoa ere.

Taxu berean, zergadunak eskubidea du berak aurkeztutako aitorpenen kopia eta ziurtagiria eskatzeko.

Horrela, zergadunak ez du dokumenturik eman behar izango, Administrazioak horiek bere esku baditu edo Administrazioari aurretiaz eman badizkio.

Legearen ariora, Administrazioari emaniko datuak isilpekoak eta erreserbatuak dira; horrek esan nahi du, Administrazioak tributuen kudeaketarako bakarrik erabil ditzakeela datuak eta ez beste zereginetarako.

Bestalde, Administrazioaren langileek begirunez tratatu behar dute zergaduna.

Tributu administrazioak diharduenean ere, zergadunari ahalik eta karga txikien eragin behar dio.

Amaitzeko, zergadunak eskubidea du, administrazio ebazpena eman aurretik alegazioak egin eta dokumentuak Administrazioari emateko.

Era berean, zergadunak esan beharrekoa entzun beharko da, ebazpen proposamena idatzi aurretik.

Eskubide horiez guztiez gain, badira tributuen arloari zuzen-zuzenean dagozkion eskubideak ere.

Zergadunak eskubidea du, zor ez diren sarreren itzulketa eta Administrazioaren ariozko itzulketak eskuratzeko, legeak ezarritako epeetan (edo, gehienez, sei hilabetetan);

epe hori igarotakoan itzulketa jaso ezean, Administrazioak berandutza korritua ordaindu behar du, zergadunak ezer eskatu gabe.